XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestetik, galtzeko arriskurik ez nuen.

Lagunekin lotzen ninduen haria bertan nuen. Errekatxoa. Urari jarraitzea besterik ez zegoen.

Bidean gora jarraitzea baino lehen, aurpegia bustitzea nahi izan nuen.

Makurtu nintzen Hans-bach-etik ura hartzeko asmoz.

Baina, hura zen gauza, hura! Harri eta zur gelditu nintzen! Ez zegoen urik! Haitz lehorra besterik ez zen ageri!.

Itxaropen guztiak galdu nituen.

Bizirik lurra emanik ikusi nuen neure burua.

Baina, nolatan utzi nuen erreka? Garbi zegoenez, urak beste bide batetik zihoazen, osaba eta Hans-ekin batera.

Beraz, bidegurutze batetan hartuko nuen nik okerreko bidea; nire lagunek errekarena, eta nik okerrekoa.

Nola itzuli ordea? Ez zegoen inongo seinalerik.

Nire oinek ere ez zuten arrastorik uzten granitozko bide hartan.

Zorionez, hiru egunetarako nahiko jaki banuen, urez betetako kalabazaz gainera.

Zerbait egin beharrean nintzen, ordea.

Ez nintekeen gehiago bakarrik egon.

Baina, nora jo behar nuen? Gora ala behera? Gora, noski. Beti gora.

Igo eta igo, zorigaiztoko bidegurutzera helduko nintzen, errekarekin bat egin arte.

Erreka topatzea zen, inolaz ere, garrantzizkoena.

Hasi nintzen bada bidean gora, eta ordu batez, ez nuen oztoporik aurkitu. Ez eta ezeren arrastorik ere.